ZientziaKIDE 2017: Urumea ibaian arrain berezien bila

Arg.: Wikipedia

ZientziaKIDE Kids 2017 proiektuaren helburua izan zen haur eta gazteek egindako herritarren zientzia erabiliz, Urumea ibaian bizi diren edo bizi daitezkeen hainbat arrain espezie bereziren bilaketa egitea. Hala, hobe ulertzeko non bizi diren eta haien populazioak babesteko edo, inbasoreak diren kasuetan, mugatzeko neurriak hartu ahal izateko.
Urumea ibaia Goizuetan Ezkurra mendatean (Nafarroa Garaiko iparraldea) jaio eta Donostian (Gipuzkoako ipar-ekialdea) itsasoratzen den ibaia da.

46 km luze da eta ibaiadar nagusienak Elama, Añarbe eta Landerbaso dira. Urumearen arroak 192 km² ditu (gutxi gorabehera 200.000 biztanle) eta batezbesteko emaria 10 m3/s da. Goizueta, Arano, Hernani, Astigarraga eta Donostia zeharkatzen ditu.

Hau da, Gipuzkoako ibairik garrantzitsuenetakoa da eta, bertan bizi diren arrain-espezieei buruz gutxi dakigu. Ondorioz, haien katalogoa osatzea interesgarria izan liteke ingurumenaren kudeaketa eta gure inguruaren ezagutza zabaltzeko.

Urumea ibaian aztertu nahi ziren arrain-espezieak zortzi lirateke:

  • Lanproia (Petromyzon marinus)
  • Siluroa (Silurus glanis)
  • Karpak (Cyprinus carpio)
  • Perka amerikarra (Micropterus salmoides)
  • Amuarraina (Salmo trutta)
  • Ezkailua (Phoxinus phoxinus)

Kontrol positiboak:

  • Aingira (Anguila anguila)
  • Korrokoia (Chelon labrosus)

Aipatu behar da, adibidez, lanproia galzorian egon dela eta ikerketa baliagarria izango zela jakiteko leheneratzeko bidean ote zegoen.

Perka amerikarra, aldiz, inbaditzailea da eta haren presentzia zenbateraino zegoen zabaldua Urumea ibaian aztertu nahi zen.

Horretarako, eDNA (Environmental DNA) teknika erabili zen. Ur-masa guztiek Ingurumen DNA dute animalien zeluletatik edo hondakinetatik uretara eroritakoa. PCR sekuentziazio teknika erabilita, ur-lagin sinple batetik, animalia-espezie horien presentzia dagoen ala ez detekta daiteke animalia horiei enbarazu egin gabe. Teknika hau oso sentibera da, beraz, animalia-espezie zaurgarrien edo populazio txikikoen jarraipen zehatz, aldioroko eta merkea egin behar denean oso erabilgarria da.

Proiektuarekin gainera, eDNA lagintzaileen sare bat sortu zen. Hau da, Urumea ibaiko hainbat kokalekutan ur-laginak hartuko zituzten haur-taldeak sortu ziren.

Lagin horiek ondoren, Plentziako Itsas Estaziora eraman ziren han ikertzaileek azter zitzaten. Partaide izan ziren talde horietako bakoitzari ere, batetik, eDNA teknikaren inguruko azalpenak eman zitzaion, egin zuten lanaren balioaren berri emanzitzaion  eta, noski, ondorioak lehen eskutik ezagutzeko aukera eskaini zitzaien.

Laguntzaileak, kolaboratzaileak eta babesleak

Proiektu honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioarekin lankidetzan aritu zen Elhuyar; Astigarragako Herri Eskolako ikasleen ezinbesteko laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren, Kutxa Fundazioaren eta Astigarragako Udalaren babesarekin.

         

 

 

Emaitzak

Erreportajea

Argazki-galeria