DEKALOGOA

#10EgunezPentsamenduKritikoa 1: Seguru zaude zure usteez?

Askotan, eskuartean daukagun informazioa ontzat emateko, nahikoa izaten da norberaren iritziarekin bat datorren arrazoiketa bera beste baten/batzuen ahotik entzutea; baina, oso garrantzitsua da gure iritziarekin bat ez datozen iritziak eta arrazoiketak ezagutzea.

Pentsalari kritiko batek zalantzan jartzen ditu gai baten inguruan dituen iritziak, kontuan hartzen ditu beste iritzi batzuk, eta saiatzen da iritzi horien arrazoiketak ulertzen.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 1

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 2: Ospetsua delako sinetsiko diozu?

Askotan, pertsona famatu baten edo nolabaiteko autoritatea (politikoa, erlijiosoa, kulturala, zientifikoa…) duen pertsona baten bidez jasotzen dugu informazioa. Baina, kontuz!, ospea edo autoritatea izateak ez du informazioaren egiazkotasuna bermatzen, ezta pertsona hori autoritate zientifikoa bada ere.

Eskuartean dugun informazio bat sinesteko, oso garrantzitsua da jakitea norena den adierazpen hori eta ea pertsona hori aditua den adierazpenaren esparruan. Ezinbestekoa da beste aditu batzuek —hau da, komunitate zientifikoak— horri buruz zer iritzi duten jakitea.

Adibidez:

Miguel Bosé abeslari ospetsua: COVID-19aren pandemia hasi zenetik, Bosek protagonismo handia hartu zuen, sare sozialen bidez gaitzaren hedapena geldiarazteko neurriak etengabe zalantzan jartzeagatik, konspirazio-teoriei buruz egindako aipamenengatik eta COVID-19aren hedapena murrizteko neurriak txertoen merkatuarekin eta 5G-arekin erlazionatzeagatik.

Abeslariak egindako baieztapenek ez dute zehaztasun zientifikorik eta gezurtatu egin dira, baina jarraitzaile batzuek sinetsi egin diote eta berak emandako iritzia zabaldu dute; eta jarraitzaileez gainera, baita pandemiaren hedapenaren neurrien kontrako eszeptiko batzuek ere.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 2

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 3: Hipotesi bat baino gehiago egin dituzu?

Hipotesiak planteatzean, oso garrantzitsua da ulertu edo azaldu nahi dugun gaiari buruzko informazioa arakatzea. Zenbat eta gehiago jakin zerbaiti buruz, orduan eta errazagoa da hipotesi desberdinak planteatzea eta burura datozkigun ideia edo hipotesi okerrak baztertzea.

Informazio bat jasotzen duenean, pentsalari kritiko batek pentsatuko du ea beste modu batera azaldu daitekeen informazioak dioena (hau da, ea beste hipotesirik dagoen), eta kontrastatu egingo du jasotako informazioa.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 3

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 4: Baduzu zenbakizko daturik?

Baieztapen bat argudiatzean azaldu nahi dena neurtu baldin badaiteke, hau da, argudioan zenbakiren bat balia badaiteke, askoz ere sinesgarriagoa izango da, objetiboagoa izango delako. Aldiz, neurtu ezin dena, hau da, anbiguoa eta kualitatiboa dena, azalpen eta interpretazio subjektibo askori zabalik dago.

Hala ere, datu horiek ere sinesgarriak izan behar dute; beraz, datuak ere zuzenak direla egiaztatu behar da. Lagina, adibidez, oso garrantzitsua da datuetan oinarritutako ondorioak ateratzeko. Datuetan oinarritutako argudioak sendoak izateko, estatistikoki adierazgarriak diren laginak erabili behar dira.

Adibidez:

Udazkena da, eta urtaro horretan ohikoa da eguraldia asko aldatzea egun batetik bestera. Egun batean beroa egin dezake eta hurrengoan hotza, batean euria eta bestean ateri eta eguzkitsu… Etxean zaude, eta kalera ateratzeko zer arropa jantzi erabaki behar duzu. Leihotik begiratzen duzu, eta zure auzokide bat izerditan ikusten duzu, praka motzekin eta mauka motzeko kamisetarekin jantzita.  Argi dago!  Beroa egiten du!, pentsatzen duzu. Etxetik atera, eta ziztu bizian bueltatu behar izan duzu arropa aldatzera, hotza egiten baitu.

Ikusten duguna, askotan, ez da uste duguna, eta ebidentziak aurkitu behar dira usteak egiak diren ala ez ikusteko. Pentsalari kritiko bat kalean zer tenperatura dagoen jakiten saiatuko litzateke. Telefono mugikorreko aplikazioak kalean 12º C egiten dituela adierazten dizu. Orain bai, neurketaren bitartez, datu objektibo bat lortu duzu, eta badaukazu zer arropa jantziko duzun erabakitzeko argudio sendo bat.  Arrazoi asko egon daitezke leihotik ikusi duzuna azaltzeko (zure auzokidea kirola egitetik dator, adibidez), baina argi dago: hasierako behaketa hutsa (leihotik begiratzea) ez zen nahikoa ondorioak ateratzeko eta, ondorio horietan oinarrituta, erabakiak hartzeko.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 4

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 5: Argudio kateak hasieratik bukaerara funtzionatzen du?

Argudio-prozesua kate bat bezalakoa da, non argudio bakoitza katearen maila bat baita. Katearen maila bakoitza ebidentzietan oinarrituta defendatu behar da; beraz, ezinbestekoa da ikerketa-prozesu sakona egitea, kate-maila batek huts eginez gero argudio-prozesuak ez baitu balioko.

Argudiaketak hurrengo hiru elementu hauek izan ohi ditu:

  • Tesia edo premisa: defendatuko den informazioa edo baieztapena. Argumentu-katearen lehenengo maila izango litzateke.
  • Argudioak: premisa defendatzeko erabiltzen diren baieztapenak; ebidentzietan oinarrituak egon behar dute.
  • Ondorioa: egindako lanean erauzitako ideiak laburbiltzen dituen baieztapena, ideia nagusiak hartzen dituena eta ikertutakoa laburtzen duena. Aurretik aurkeztutako guztia indartzen du (katearen maila guztiak).

Argudiaketa-prozesu osoa da garrantzitsua eta argudio-kateko maila guztiek funtzionatu behar dute, ez ideia gehienek bakarrik.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 5

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 6: Gertaeren berrespen independentea

Posible bada, komeni da gertakizunen edo baieztapenen berrespen independentea. Hau da, beste edonork lortu behar ditu ikerketa batean lortutako emaitzak, aurreneko aldian erabilitako azterketa-metodo berak baliatuz

Kasu gehienetan, ezin izango ditugu errepikatu iristen zaizkigun informazioak egiaztatzeko egin behar diren probak edo esperimentuak. Horregatik, gure eguneroko bizimoduan iristen zaigun informazioa kontrastatzeko, komeni da gai horren inguruko adituen (hau da, komunitate zientifikoaren) iritzia ezagutzea.

Adibidez:

“Aulkiaren erronka” (#ChairChallenge): Erronka hau asko hedatu zen sare sozialen bidez, beharbada emakumeek bakarrik gainditu zezaketela esan zelako erronka ahalik eta gehien sustatzeko asmoz.

Komunikabideetan agertutako titularren eta #ChairChallenge traolarekin argitaratu ziren bideo gehienen arabera, argi geratzen zen erronka hori emakumeek bakarrik lor zezaketela; baina, sinesgarritzat joko zenuke baieztapen hori soilik egunkarietako albisteetan eta bideo biral mordo batean oinarriturik? Pentsalari kritiko batek, aulki bat hartu, eta bere kabuz ikusiko eta aztertuko luke.

Erronka egiteko bideoa ikusteko sakatu hemen.

Gerta daiteke, zure esperimentazioan #ChairChallenge traolarekin zabaldutako informazioarekin bat datozen emaitzak izatea. Baina pentsalari kritiko batek zalantzan jarriko luke generoaren hipotesia, eta beste hipotesi bat egiten eta probatzen saiatuko litzateke: posible da erronka osatzeko arrakasta pertsonen ezaugarri morfologikoen baitan egotea?

Aurreko galderan planteatutako hipotesia probatzeko, ezaugarri fisionomiko desberdineko pertsonei eskatuko zaie erronka egiteko, eta zer gertatzen den behatuko da. Hala, ikusiko da erronkak ez duela zerikusirik generoarekin, erronka lortzeko gaitasuna pertsona bakoitzaren ezaugarri morfologikoekin eta antropometrikoekin loturik baitago; Beraz, ez da berresten Challengean esaten zena, eta gezurra da emakumeek bakarrik egin dezaketela erronka.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 6

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 7: Egiazkoa da ala fake newsa?

Azken urteotan, sare sozialek asko aldatu dute informazioa kontsumitzeko modua, eta informazioak etengabe bonbardatzen gaitu, hainbat formatu eta euskarriren bidez.  Informazio asko izatea eskura onuragarria izan beharko litzateke, baina, zer gertatzen da jasotzen dugun informazioa guztia egiazkoa ez denean?

Sare sozialetatik informazio faltsu ugari zabaltzen da, fake newsak, eta askotan, gehiago hedatzen dira berri faltsuak egiazko informazioa baino.

Baina, nola bereizten dira albiste errealak eta fake newsak? Aholkuak hauek lagungarri izan daitezke fake newsak identifikatzeko eta berrion hedapena murrizteko.

  • Ez kasu egin  soilik albistearen titularrari; sakondu informazioa.
  • Bilatu informazio-iturria eta aztertu zenbateraino den fidagarria informazioaren jatorria.
  • Aztertu eszeptizismoz baieztapen itxuraz oso harrigarriak: ikertu behar da ea ebidentzietan oinarritutako baieztapen baten aurrean gauden.
  • Egiaztatu informazioa: leku batean bakarrik agertzen bada (webgune, komunikabide,…) jarri zalantzan esaten duena.
  • Kontuz irudi, bideo eta audioekin, faltsuak izan baitaitezke.
  • Ez birbidali eta ez zabaldu informaziorik, aurretik kritikoki baloratu egabe.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 7

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 8: Kontuz falaziekin

Falazia ugari daude, eta kontuz ibili behar da haiekin. Adibidez, Argumentum ad ignoratiam deritzon falaziak onartzen du ezen zerbaiten kontrako ebidentziak ez ezagutzea aldeko ebidentzia bat dela. Adibidez: “Inork ez du frogatu beste planeta batzuetan bizia dagoenik; beraz, ez dago bizirik beste planeta batzuetan”, “Mamuak existitzen dira, inork ez baitu frogatu existitzen ez direla” eta abar.

Argumento ad verecundiam falaziak, berriz, gai bati buruz dakien norbaiten aipamena du oinarri. Adibidez: “Arrazoia du berak; biologia ikasi zuen, eta asko daki horri buruz”. Pertsona horrek arrazoia izan dezake esaten duen horretan, baina ez biologia ikasi zuelako.

Ex populo deritzon falazian, diskurtso populistetan, politikan, komunikabideetan eta eguneroko eztabaidetan erabiltzen dira argumentuak, eta honelako esaldiak erabiltzen ditu: “Eta ez dut nik esaten, mundu guztiak esaten du”, “Jende gehienak nire iritzi bera du”, “Mundu guztiak daki hori horrela dela”, eta abar. Falazia hau logikaren erabilera desegokian oinarritzen da, gauzak ez baitira inoiz egiazkoak norbaitek ezagutzen dituelako (edo denek ezagutzen dituztelako), baizik eta frogatutako ebidentziekin bat datozelako. Beraz, kontuz Like asko dituzten edo trending topic bihurtzen diren informazioekin, jarraitzaile kopuruak ez baitu informazioaren sinesgarritasuna bermatzen.

Argumentum ad hominem” falaziak, ostera, arrazoi egokiak aurkeztu beharrean, baieztapen bat egin duen pertsona gaitzesten du edo saiatzen da pertsona hori bere ezaugarri edo ideiengatik erasotzen, hark esandakoari indarra kentzeko asmoz.

Pentsalari kritiko batek, beraz, jakin behar du informazio baten inguruan besteek dituzten argudioak entzuten eta analizatzen, eta bere iritziak ebidentzietan oinarritutako argudioak emanez defendatzen. Betiere bestearekiko errespetua erakutsiz eta esan nahi den hori ahalik eta argien adieraziz.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 8

Esteka interesgarria: https://falacias.escepticos.es/

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 9: Zuk ez ezagutzeak ez du esan nahi existitzen ez denik

Argi dago ezinezkoa dela pertsona batek dena jakitea. Izan ere, zientzialariek ere ez dute zientziaren arlo guztien inguruko prestakuntza: arlo jakin batzuetako espezialistak izan ohi dira. Baina zerbait ez ezagutzeak edo zerbaiti buruz ezer ez jakiteak ez du esan nahi existitzen ez denik; gai horri buruz ez dakigula adierazten du, ez besterik.

Pentsalari kritiko batek, ez dakien zerbaiti buruzko informazio bat jasotzen duenean, ez ditu esango burura datozkion lehenengo ideiak eta iritziak; ez du agerian utziko  gai horri buruzko bere ezjakintasuna. Ez dakiela onartu, eta gaiari buruz ikasten saiatuko da. Horretarako, jasotako informazioa beste iturri batzuekin kontrastatuko du, eta beste pertsona batzuek (adituek, komunitate zientifikoak) horri buruz duten iritzia ezagutzen saiatuko da. Aurrekoa ez du aplikatuko informazio zientifikoak jasotzen dituenean soilik; izan ere, jarduteko modu hori guztiz estrapolagarria da edonork eguneroko bizimoduan jaso ditzakeen gainerako informazioetara.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 9

 

#10EgunezPentsamenduKritikoa 10: Metodo zientifikoa da oinarria

Metodo zientifikoa urrats desberdinez osatutako sistema bat da, helburutzat ezagutza sortzea duena.

Metodo zientifikoa pausoz pauso:

  • Galdera: jakin nahi denaren inguruko galdera planteatzea da metodo zientifikoaren aurreneko pausua.
  • Behaketa (Dokumentazioa): Ulertu nahi den errealitatearen eta jakin nahi denaren inguruan dagoen ezagutza aztertzea.
  • Hipotesia: Ulertu nahi dena azaltzeko planteatzen den ideia da.
  • Esperimentazioa: Hipotesia baieztatzeko egiten diren probek eta esperimentuek osatzen dute esperimentazio-fasea.
  • Emaitzen analisia: Esperimentuetan lortutako datuak aztertu egin behar dira, emaitzak taldekatu, bistaratu eta kuantifikatzeko.
  • Ondorioak:  Gure hipotesia onartzeko, eraldatzeko edo baztertzeko balio dute. Ondorioak hipotesiarekin bat badatoz, hurrengo pausora pasatuko gara. Ondorioek ez badute baieztatzen hipotesia, birplanteatu egin beharko da.
  • Sortutako ezagutza gizarteratzea: Sortzen den ezagutza gizarteratu egin behar da beste batzuek aukera izan dezaten emaitzak errepikatzeko eta baieztatzeko eta, hala, ezagutza eraikitzen jarraitzeko.

 

 

Adibidez:

Edwar Jennerrek, baztangaren kontrako txertoa garatzeko, metodo zientifikoa jarraituz  ikertu zuen: Gaur egun mundu osoko ikertzaile asko erlojuaren kontra ari dira lanean COVID-19 gaitzaren kontrako txertoaren bila. Txertoa garatzen ari diren laborategi horietan metodo zientifikoa erabiltzen ari dira.

Baina gaur egungo ikertzaileak ez dira gaitz baten kontrako txertoa garatzerakoan metodo zientifikoa erabili duten lehenengoak. Esaterako, Edward Jenner (1749-1823) ikertzaile, mediku eta poeta ingeles ospetsua, metodo zientifikoan oinarritu zen milioika hildako eragin zituen eta txertaketaren bitartez desagerrarazi zen lehenengo gaitz birikoaren kontrako txertoa garatzeko. Baztangaren kontrako txertoa, hain zuzen:

  • Behaketa: Ikusi zuen ezen, behitegietan baztangaz gaixo zeuden animaliekin kutsatzen ziren langileen artean, gizakion baztangak eragin txikiagoa zuela, eta, beraz, aurretik egindako lanei buruzko informazioa kontsultatu zuen.
  • Hipotesia: Pentsatu zuen behien baztangarekin kutsatutako pertsonek immunitatea sortzen zutela gizakion baztangaren aurrean.
  • Esperimentazioa:
    • Sarah Nelmes-ek, zeinak behitegi batean lan egiten baitzuen, eskuan atera zitzaion zauriaz galdetu zion, eta behien baztanga diagnostikatu zion.
    • Esperimenturako, behien baztanga eta gizakion baztanga sekula pairatu ez zuen norbait behar zuen, eta, James Phipps aukeratu zuen horretarako, bere lorezainaren 8 urteko semea.
    • Jameseri besoan urratu txiki batzuk egin, eta Sarahren eskuko zaurietako materialarekin igurtzi zizkion.
    • Egun batzuk igaro ondoren, James behien baztangaz gaixotu zen, baina, aste baten bueltan guztiz osatuta zegoen.Horrela, Jennerrek baieztatu zuen behien baztanga pertsonen artean transmititu zitekeela, eta hurrengo urratsa izan zen egiaztatzea ea behien baztangak James babesten zuen gizakion baztangatik.
    • Jennerrek gizakion baztangarekin kontaktuan jarri zuen mutikoa (behiaren baztangarekin kutsatzeko egin zuen antzeko prozesua baliatu zuen).
  • Emaitzen analisia: Jamesek ez zuen gizakion baztanga garatu, ez proba horretan, ezta immunitatea probatzeko ondoren egin zituen beste proba askotan ere.
  • Jennerrek esperimentua beste pertsona askorekin errepikatu zuen, eta bere esperimentuaren errepikakortasuna baieztatu zuen.
  • Ondorioak: Bere hipotesia baieztatu zuen. Pertsona bat animalien baztangarekin kutsatzen eta sendatzen bada, gizakion baztangaren kontra babesten da.
  • Sortutako ezagutza gizarteratzea: 1798an liburu batean argitaratu zuen baztangari buruzko bere ikerlan guztia osoa.

Gehiago irakurri nahi baduzu: 10 Egunez Pentsamendu Kritikoa 10

 

Utzi erantzuna