ZientziaKIDE kids: Urumea ibaian arrain berezien bila

Kategoria: Biologia, genetika

Wikipedia

ZientziaKIDE kids proiektuaren helburua izango da haur eta gazteek egindako herritarren zientzia erabiliz, Urumea ibaian bizi diren edo bizi daitezkeen hainbat arrain espezie bereziren bilaketa egitea. Hala, hobe ulertzeko non bizi diren eta haien populazioak babesteko edo, inbasoreak diren kasuetan, mugatzeko neurriak hartu ahal izateko.

Urumea ibaia Goizuetan Ezkurra mendatean (Nafarroa Garaiko iparraldea) jaio eta Donostian (Gipuzkoako ipar-ekialdea) itsasoratzen den ibaia da.

46 km luze da eta ibaiadar nagusienak Elama, Añarbe eta Landerbaso dira. Urumearen arroak 192 km² ditu (gutxi gorabehera 200.000 biztanle) eta batezbesteko emaria 10 m3/s da.

Goizueta, Arano, Hernani, Astigarraga eta Donostia zeharkatzen ditu.

Hau da, Gipuzkoako ibairik garrantzitsuenetakoa da eta, bertan bizi diren arrain-espezieei buruz gutxi dakigu. Ondorioz, haien katalogoa osatzea interesgarria izan liteke ingurumenaren kudeaketa eta gure inguruaren ezagutza zabaltzeko.

Urumea ibaian aztertu nahi diren arrain-espezieak zortzi lirateke:

  • Lanproia (Petromyzon marinus)
  • Siluroa (Silurus glanis)
  • Karpak (Cyprinus carpio)
  • Perka amerikarra (Micropterus salmoides)
  • Amuarraina (Salmo trutta)
  • Ezkailua (Phoxinus phoxinus)

Kontrol positiboak:

  • Aingira (Anguila anguila)
  • Korrokoia (Chelon labrosus)

Aipatu behar da adibidez, lamproia galzorian egon dela eta berreskuratzeko bidean dagoen jakiteko baliagarria izango dela ikerketa.

Perka amerikarra aldiz, inbaditzailea da eta haren presentzia zenbateraino dagoen zabaldua Urumea ibaian aztertu nahi genuke.

Horretarako, eDNA (Environmental DNA) teknika erabiliko da. Ur-masa guztiek Ingurumen DNA dute animalien zeluletatik edo hondakinetatik uretara eroritakoa. PCR sekuentziazio teknika erabilita, ur-lagin sinple batetik, animalia-espezie horien presentzia dagoen ala ez detekta daiteke animalia horiei enbarazu egin gabe. Teknika hau oso sentibera da, beraz, animalia-espezie zaurgarrien edo populazio txikikoen jarraipen zehatz, aldioroko eta merkea egin behar denean oso erabilgarria da.

Proiektuarekin gainera, eDNA lagintzaileen sare bat sortuko da. Hau da, Urumea ibaiko hainbat kokalekutan ur-laginak hartuko dituzten haur-taldeak sortuko dira.

Lagin horiek ondoren, Plentziako Itsas Estaziora eramango dira han ikertzaileek azter ditzaten. Partaide izan diren talde horietako bakoitzari ere, batetik, eDNA teknikaren inguruko azalpenak emango zaizkio, egingo duten lanaren balioaren berri emango zaio eta, noski, ondorioak lehen eskutik ezagutzeko aukera eskainiko zaie.

Finantziazioa

Proiektu honek Astigarragako udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kutxa Fundazioaren laguntza jaso du.